Gaur egungo hezkuntza norantz bideratu behar dugun jakiteko, gogoeta sakon bat egin beharra dago non, mundua ziztu bizian aldatzen ari den honetan, gure ikasleak era ezberdin batean hezi edo prestatu behar diren galdetzea beharrezkoa den.

Gizartean eragin zuzena duen teknologiaren eraldaketa bizkor bat bizitzen ari gara eta gaur egun  eskoletan dagoen belaunaldiarentzat bizi dugun teknologia eraldaketa guztiz arrunta da. Hori horrela, historiako beste momentuekin alderatuz, ezberdintzen duen aldagai bat dugu gure artean, adimen artifiziala.

Gaur egungo haur eta gazteek makinekin lehiatu beharko baldin badute, makinetatik ezberdintzen gaituzten giza-gaitasunak landu beharko dira gaurko eskolan. Orain arte, memorizazioan oinarritu den eskola bat izan baldin badugu, etorkizuneko eskolak jakin-mina, sormena, soziabilitatea, traszendentzia… landu beharko ditu ikasleekin.

Guzti honi erantzunez dator KONFIANTZAREN PEDAGOGIA. Teoria zientifiko eta enpirikoetan oinarritua dago eta orain arteko hezkuntza sistemari hainbat parametro aldatzen dizkio. Horietariko bat, ikasle, guraso eta irakaslearen arteko harremana da. Gizakiak jaiotzen denetik, lege batzuek ditu.Lege horiek ezagutu eta errespetatzen baldin badira, haurraren jarrera hezitzaile eta konfiantzazkoa ezarriko da eta ikasketa prozesu positiboa abiarazi. Aipaturikoaz gain, eskolak, alderdi afektibo-emozionala eta baita psikologia kognitibo eta ikas-irakaskuntza aktibo baten barneratzea ere badakar. Ezin ahaztu aldaketa arkitektonikoak ere, arkitekturak pedagogiaren menpe egon behar duelako eta ez alderantziz.

Eskola egiteko modu berri bat planteatzen da. Ikaslearen erritmo biologiko eta kognitiboak errespetatuz. Gizaki bakoitza bakarra eta errepika ezina dela onartuz eta etorkizunean izango den pertsona oso eta zoriontsua bezala garatuz.

Konfiantzan oinarritutako begirada sustatuz, gazteek bere kabuz garatzeko duten ahalmenean sinestarazi behar zaie. Norberaren interes eta esperientzietatik abiatuz, libreki ekinez, manipulatuz eta sortuz, bere barneko emozioak ulertuz, sentituz eta gaindituz. Berebiziko garrantzia du espazio aberats eta aukera ezberdinak eskaintzeak, giza-gaitasunei tira eginez, GIZAKIAGOAK diren pertsonak lortuko baititugu. Aipatu ditugun makinekin lehiatzeko beldurrik izango ez duen gizakia.

Ez al da erronka honi eusteko momentua?

ISAAK ARANBERRI –  Maria eta Jose Ikastetxeko Zuzendari Titularra