1996ko Hezkuntza: altxor ezkutua edo DELORS txosten ezagunean, XXI. menderako hezkuntzak dituen lau helburu aipatzen ziren jada: ikasten ikasi, egiten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi eta izaten ikasi. 20 urte pasa dira jada eta oraindik eskoletan lehen biak lantzen ditugu batik bat, eta askoz gutxiago azkeneko biak.
Gizakia izaki soziala izanik, gaurkoan elkarrekin bizitzen ikasi dion horri erreparatu nahi diogu. Hezkuntza arloan lan egiten dugunok jakin badakigu elkarrekin ondo moldatzen ikastea zein garrantzitsua den, zenbat laguntzen duen giro goxo eta atseginean bizi eta aritzeak. Harreman positiboak bultzatu asmoz egiten dugun lan eta ahalegin guztiak eragin zuzena izango du gure ikasleriaren ongizatean eta euren ikaskuntza prozesuan.
Hala ere, denok badakigu gizartean ez ezik, eskoletan ere gatazkak sortuko direla arrazoi desberdinak medio: pertzepzioak, sinesmenak,… Larritasunari begiratuz gero, desadostasun soila izatetik eskola jazarpen izatera ere irits daiteke. Hori horrela, ezinbestekoa da heziketa lanean helburu hau erdigunean jartzea.
Alde batetik, sustraiak landu eta sendotu curriculum-ean era sistematiko eta jarraian hainbat konpetentzia sozioemozional garatuz: norbere eta besteen emozioak identifikatu, norbere eta besteen emozioak erregulatu, pentsamendu positiboa, giza abileziak (entzute aktiboa, enpatia, nork bere iritzia era egokian ematea,…).
Bestetik, sortzen diren gatazkak ahalik eta lasterren detektatu eta artatu behar ditugu ez daitezen areagotu eta zaildu. Izan ere, zenbaitetan eskola jazarpen ere bihur daitezke eta egoera hori bizi duten guztiei, biktima, erasotzaile, zein ikusleei kalte izugarria egiten die. Gaur egun, gizartea arazo honetaz jabetu dela dirudi eta esku hartzea eskatzen du hainbat programa, protokolo, etabar martxan jarriz.
Gatazkak elkarrizketaren bidez eta era baketsuan bideratu eta konpontzeko erreminta egokiak baditugu (adostokiak direla, bitartekaritza zerbitzua dela, ikasle laguntzaileak direla,…) eta txiki txikitatik trebatu behar ditugu haur eta gazteak eskoletan.
Kristau Eskola ere arlo hau behar den bezala lantzeak daukan garrantziaz jabetuta, GuGeu izeneko ekimen berria jarri du martxan aurtengo ikasturtean. Hasiak dira jada zenbait ikastetxe bi urteko programa honekin. Aurrena gu geu formatu behar ondoren ikasleak (eta familiak) trebatu ahal izateko. Ziur gaude lan honek guztiak eskola inklusiboagoa egiten eta gizartea eraldatzen-hobetzen lagunduko digula!
PELLO AGUIRREZABAL – Herrikide Ikastetxeko Zuzendari Titularra
Leave A Comment