Egoera konplexua bizi du eskolak gaur egun, hizkuntzen eremuan ere bai: hizkuntza minorizatu bat erdigunean jarri duen hezkuntza elebiduna sustatu nahi dugu, eta aldi berean atzerriko hizkuntza batean edo bitan komunikatzeko gai ere nahi ditugu gure ikasleak. Gainera, ikastetxe askotan kultura eta hizkuntza askotako ikasleak ditugu, eta horiek gehiengo bihurtu diren eskoletan ez dira gutxi ditugun buruhausteak.

Horren eraginez, konplexua eta batzuetan zaila bihurtu zaigu ditugun galderei erantzutea: nola sustatuko dugu euskararen erabilera?; zer, noiz eta nola zuzendu behar dugu?; nola eragiten dio komunikazio-konpetentzien garapenak beste arlo batzuetako edukien ikaskuntzari?; zer harreman dago eskolako hizkuntzen artean?; nola antolatu ahal dugu hizkuntzen lanketa bateratua?; eta nola erreparatuko diegu gure ikasleek etxetik ekartzen dituzten beste hizkuntza batzuei?; nola landu irakurmena?; nola garatu ikasleen ahozkotasuna?; eta irakasleena?; irakasleek zer prestakuntza dute premia horiei erantzuteko?; eta nolakoak dira hezkuntza-komunitatearekin eta ingurune hurbilarekin ditugun harremanak; nola erabakiko ditugu lehentasunak?… Erabaki asko dira eskola bakoitzak, bere errealitateari erreparatuta, hartu behar dituenak.

Duela gutxi irakurri genion Fernando Trujillori ikastetxe orok duela Ikastetxeko hizkuntza proiektu bat, batzuetan esplizitua eta beste batzuetan inplizitua dena. Eta eman zigun, bai, zer pentsatu. Eta konturatu ginen egia zela, hartzen diren eta hartzen ez diren erabakiak daudela eskoletan, eta guztiek dutela eragina gure ikastetxean eta gure ikasleek duten garapenean. Lerro hauetatik nahi genituzke sustatu erabaki kontzienteak eta ausartak, hortik eratorriko diren hizkuntza-politikak eta hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuak izan daitezen berritzaileak eta lagun diezaguten gure ikastetxearen proiektua ordenatzen, indartzen, hobetzen edota eraldatzen.

Hizkuntzaren gaia erdigunean jartzeak ez du esan nahi, jakina, ikastetxeko beste proiektuak baztertu nahi ditugunik, ezta hizkuntzena isolatu nahi dugunik ere. Aitzitik, ikuspegi integrala aldarrikatzen dugu, ikastetxeko proiektuaren ikuspegi sistemiko eta ekologikoa, zeinetan proiektuak harremanetan eta elkarlanean antolatu beharko ditugun. Horretarako garrantzitsua da eskolako zuzendaritzaren lidergoa, talde eragile indartsua eta indartua eta klaustro inplikatua, benetako talde-lana egingo duena eta eskolako proiektu konpartitua eraikitzen lagunduko duena.

KARMELE PEREZ LIZARRALDE – Ikerlaria hezkuntza eleanitz eta kulturartekoan (HUHEZI, Mondragon Unibertsitatea)