Seguru asko azken urte hauetan denok egin dugu Plan Estrategiko bat edo beste. Horretarako, kanpoko laguntzarekin edo laguntzarik gabe, beti esan digute ezinbestekoa zela helburuak ondo finkatzea bide hori era zuzenean egiteko eta koherentziaz jokatzeko.
Onartu beharra dago prozesu honek badaukala bere logika eta logika horren arabera pauso edo etapa batzuk bete behar direla, hala nola, hasierako diagnosia egin, helburuak argitu, misioa berrikusi, ikuspegia gaurkotu, baloreak definitu… Logika honekin informazioa ezinbestekoa da eta informazio hori gure erakundearen barruan eta gurekin harremanetan dauden erakunde edota inguruetan bilatzen dugu. Orain arte, ados.
Hausnarketarekin jarraitu baino lehenago, sistematika hau bazter batean utziko dugu eta bizitza, gure bizitza, erdigunean jarriko dugu: errealitatean nola jokatzen dugu? Nola hartzen ditugu gure erabakiak? Zein da erabaki horien logika? Logikarik badaukate? Baten batek pentsatzen badu gure bizitzan hartzen ditugun erabakiek logikarik ez daukatela oker dago. Gauzak egitean, erabakiak hartzean beti dago arrazoi bat eta arrazoi horiek badaukate beren barneko logika; baina kasu honetan, logika izan arren, normalean informazioa ez da nahikoa, askotan urria eta batzuetan ez dugu inolako informaziorik. Horregatik gure bizitzako erabaki batzuk hartzean segurtasunik ez dugu, oso konplikatua da erabaki horiek hartzea eta sentsazioa ez da batere atsegina, ez asmatzeko susmoa porrotarena delako. Sentsazioa ez zaigu gustatzen eta porrota are gutxiago. Baina gauzak horrelakoak dira. Askotan erabakiak hartzean informazioa nahikoa ez bada ere, gure baloreak, gure irizpideak aurrean jarri eta erabakiak hartzen ditugu, asmatuko dugun ala ez jakin gabe.
Orain dela hamar urte Irungo Kristau Eskoletako zuzendariok bilera batean elkartu ginen, Donostian. Batzuk elkar ezagutzen genuen eta beste batzuk ez. Bileran sare publikoko ikastetxeen mapa aurkeztu ziguten eta, bukatzean, etorkizunari begira gure aldetik eman beharreko pausuei buruz hitz egin genuen; sare publikoko mapa definituta zegoen eta gurea ez. Erronka bat geneukan aurrean eta komenigarria izango litzatekeela gai horren inguruan hausnarketa bat egitea, elkarrekin, eta gure errealitatean, Irunen, pentsatu genuen. Informaziorik ez, daturik ez. Gauza asko amankomunean geneuzkala konturatu ginen eta entzundakoa guztiontzat erronka zela onartu genuen. Ez genuen planik egin, ezin genuen. Gure arteko konfidantza zen geneukan gauza bakarra; eta amankomunean geneukana: idearioa, oinarrizko helburuak, ebanjelioa. Erronka bat, nahiko talde homogeneo bat, errealitate bat (Irungoa) eta pentsatzeko gogoa.
Hasteko, talde hartako kideak definitu genituen eta Kristau Eskolan egotea izan zen irizpidea. Hurrengoa, eta azkena, DAFO moduko zerbait osatu genuen. Ez genekien zer lortu nahi genuen, ez genekien zer nolako bidea egin nahi genuen baina bai adostu genuela oinarri sinple bat: elkarri kalterik ez egitea, besterik ez. Nahikoa zen? Horrela has daiteke bide bat? Bai. Hasierako konpromezua ez zen beste munduko gauza baina bidea elkarrekin egin nahi genuen.
Hasiera xumea baina denborak, oraingoz, arrazoia eman digu eta elementu batzuen garrantzia erakutsi digu ere bai: elkarrekin egoteko nahia, helburu sinpleak planteatu, erronka amankomuna izan, malgutasunez jokatu, konfidantza mantendu eta gure proiektuen antzekotasuna onartu.
Eta elementu sinple hauekin zer lortu dugu? Laburbilduz, elkarrekin gaudela sentitu, erabaki garrantzitsu batzuk elkarrekin hartu (adibidez, bi urteko hirugarren gela ireki hiru ikastetxeetan), informazioa konpartitu (aurrematrikula garaian eta edozein momentutan ere bai) eta etorkizunari aurre egin talde bezala. Gainera ahaleginak egin ditugu Kristau Eskolako irudia indartzeko Irunen (jarduera batzuk elkarrekin egiten ikasturte hasieran, pake eguna elkarrekin ospatzen, publizidadea elkarrekin egiten…).
Bukatzeko, beste hitz pare bat: hasieran ez genekien zer lortu nahi genuen baina konfidantza eta elkarrekin egoteko gogoak izan dira gure oinarriak eta hori nahikoa izan da hamar urteko ibilbidea egiteko. Egia da ez dakigula nolakoa izango den etorkizuna eta ez ditugula ez planik ez estrategiarik etorkizun horri aurre egiteko baina oinarriak hor daude: KONFIDANTZA eta ELKARREKIN EGOTEKO GOGOA. Oraingoz nahiko.
JORGE LEGUINA – Irungo San Vicente de Paul Ikastetxeko zuzendaria
Leave A Comment