Orain dela egun batzuk, Fernando Trujillok “Cuadernos de Pedagogía” aldizkarian idatzitako, “El diseño de proyectos y el currículo” izeneko artikulua irakurtzen ari nintzela, ikasgelan berrikuntza eta metodologia aktiboak sartzea hainbeste kostatzen zaien irakasle eta zuzendariek behin baino gehiagotan errepikatzen dituzten aurreiritziei buruz eta hauek ezeztatzen dituzten argudioetan pentsatzen hasi nintzen.

Metodologia berritzaileak gure ikastetxeko proiektuetan txertatzeari buruz hitz egitean, hauek dira behin eta berriz errepikatzen diren oztopo eta kexak:

  • Gaur egungo curriculum-a hain da estua, oso konplikatua egiten dela metodologia aktiboak txertatzea.
  • Metodologia berriekin lan egiten dugunean, denbora asko inbertitzen dugu eta eman behar diren eduki guztiak lantzeko denborarik gabe geratzen gara.
  • Nola ebaluatu ditzaket nire ikasleak metodologia berritzaileekin lan egiten badut?

Lehenengo aurreiritzia bertan behera uzteko, legeak (ECD/65/2015) curriculum konpetentzial bati erantzuteko estrategia interaktiboak egokiagoak direla esaten du, ikasleen motibazioa gehitu eta ikasitakoaren arteko transferibilitatea handitzen laguntzen dutelarik. Beraz, gaur egungo curriculum-ari erantzun egoki bat eman diezaiokegu gure programazioetan metodologia berritzaileak txertatzen baditugu edo metodologia aktiboetan oinarritzen baditugu gure programazioak.

Denbora faltari dagokionez, metodologia berritzaileekin lan egiten dugunean, ez dugu pentsatu behar jada egiten dugunari gehitu beharreko zerbait dela,  orain arte egin duguna ordezkatzen duen eta hobekuntza ekarriko duen modua dela baizik. Metodologia hauek, gure ikasleen konpetentziak garatzen ahalbidetuko digute ikasleentzako interesgarriak eta motibatzaileak diren jardueren bidez.

Azkenik, gure gelako planteamendua aldatzen denean, ebaluazioa aldatzea beharrezkoa izango da. Metodologia aktiboetan, produktua ebaluatzeaz gain, prozesua ere ebaluatu beharra dago eta horretarako edukien memorizazioa neurtzen duten azterketa tradizionalak ezingo dira ebaluatzeko tresna bakarra izan. Kontutan izan beharko dugu autoebaluazioa, koebaluazioa, heteroebaluazioa eta hauek aurrera eramateko tresna desberdinak, hala nola, dianak, errubrikak, portfolioa, mapa kontzeptualak, egunerokoak…

Kontutan izanda metodologia aktiboen bidez lan egiteak ekartzen dituen aspektu positibo guztiak, hala nola, ikasleak motibatzen dituztela, ikasleen autonomia garatzen dutela, gaitasun kritikoa sustatzen dutela, gaitasun sozialak garatzen dituztela kolaborazio eta ideia elkartrukearen bidez, kreatibitatea bultzatzen dutela, aniztasunari erantzuten diotela… eta alderdi negatiboak modu errazean ezeztatu ditugula, nola ez gara animatuko metodologia aktibo eta berritzaileak gure ikasgeletan inplementatzera?

ARANTXI URRETAVIZCAYA – Kristau Eskolako Pedagogia Departamentuko arduraduna