Artikulu honen izenburua erronka handi baten islada, bilaketa baten itzulpena da, azken finean, idatzi beharreko historia.

Bidegurutze historiko batean aurrean aurkitzen gara eta irtenbidea segituan argituko ez bada ere, horren lekuko izango gara denbora gutxian, zalantzarik gabe; mende askoko erakunde erlijiosoen historiak hausnarketa bateratua eskatzen digu, ikuspegi bateratua, ate eta leiho guztiak ireki eta zeruertza zabaldu.

Aspaldidanik dakigu gizartearen eta, horrekin  batera, gure ikastetxeen errealitatea aldatzen ari dela; aspaldidanik dakigu gure gizartean eta, horrekin batera, gure ikastetxeetan familia eta irakasle askok ez direla fededunak; aspaldidanik entzun dugu guregana etortzen diren familia eta irakasleak ez direla hurbiltzen ikastetxe erlijjiosoak izateagatik. Eta garai gogorrak datozkigunez (lehen ere izan dira, baina ez arrazoi berarengatik) aspaldidanik argi gorriak piztu egin dira eta norberak (erakunde bakoitzak) beraien historia kontuan izanda, zeuzkan baliabideak hartu eta etorkizunari begira hasi zen.

Hitzaurre luzeegia izan da hau, ezaguna gainera… baina hemendik galdera batzuk sortzen zaizkit:

  1. Aldaketa horiei nola egin diegu aurre, benetan?
    1. Biktima gisa, aurreko garaiak hobeak izan zirelako?
    2. Zerbait iragankorren lekuko gisa?
    3. Aldaketa horien protagonista gisa?
  2. Egoera berri horri erantzuteko estrategiak bilatzean, zeri eman diogu lehentasuna?
    1. Gure ikastetxea / erakundeen biziraupenari?
    2. Erakunde bakoitzaren karismaren berritze / birsortzeari?
    3. Mundu hobe bat eraikitzearen hasierako misioari?

Norberak erantzun propioak izango ditu eta erronka izugarria dela onartu beharra dago baina jarrera batzuk saihestu beharko genituzke:

  • Etorriko denaren eta ezagutzen ez dugunaren beldur izatea.
  • Biziraupena benetakotasuna baino gehiago baloratzea.
  • Besteak (erakundeak, laikoak…) ez gutxiestea.
  • Gutako bakoitzak egia osoa daukala pentsatzea.

Lortu beharko genituzke jarrerak, aldiz, hauek izan beharko lirateke:

  • Ezagutzen ez dugunari aurre egiteko ezinbestekoa den grina.
  • Erronkaren tamaina kontuan izanda, ziur egotea: edo denok elkarrekin gaude edo ez gara.
  • Erantzunak bilatzeko denok ezinbestekoak garela sinistea.
  • Dena hasi zuenarengan konfidantza osoa izatea.

Seguru asko berritzean, birsortzean eta berreskuratzean dago erantzuna. Ados jarri beharko dugu aukera bakoitzaren ehunekotan.

JORGE LEGUINA ETXEBERRIA – San Vicente de Paul ikastetxeko zuzendaria