Inork gutxik jarriko du zalantzan XXI. mendearen bigarren hamarkadaren amaiera aurrez aurre dugun une honetan lehen mundukotzat ditugun gizarteetan informazioak duen garrantzia. Zentzu horretan, bada geurea “informazio gizarte“ moduan definitzen duenik ere (60. hamarkadan Japonian sortu eta hedatzen hasitako kontzeptua), informazioa eta beronekin zerikusia duen orok gugan eta gure inguruan duen garrantzia azpimarratu nahirik. Garrantzi hori areagotu egin da, gainera, teknologia berriek azken urteotan izan duten eta izaten ari diren hedapen zein indartzearekin.

Komunikazio modernoa

Informazioa sortu, jaso edota helaraztea, komunikazio prozesuaren baitan koka genitzakeen fase desberdinak dira. Ez dira atzo goizekoak, hala ere, komunikazioaren inguruko gogoeta eta teoriak. Grezia klasikoan koka genezake elkarrizketatik abiatuko den komunikazio modernoaren sorrera; garai hartatik aurrera hartuko da besteri zuzendutako diskurtso baten baitan antolatutako arrazoibideak zein frogak oinarri dituen komunikazioa egia jakiteko bide gisa.

Horren harira, hainbat eta hainbat izan dira komunikazioaren garrantzia azpimarratu duten pentsalariak. Grezia aipatu dugunez, besteak beste sona handiko politikari eta hizlari izan zen Periklesek, esaterako, hauxe zioen itzulinguruka ibili gabe eta zorroztasun handiz: “Pentsatzen jakin bai, baina pentsatzen duen hori adierazten ez dakiena, pentsatzen ez dakienaren maila berean dago”.

Estrategia komunikatiboa

Periklesen baieztapen horri lotuta, izan bai, baina den hori adierazten ez dakiena, ez denaren maila berean dagoela baieztatzea gogorregia da pertsonen kasuan, zalantzarik gabe, izateak berak ematen baitu izana. Organizazio edo enpresa munduan, ordea, gauza bera esan al daiteke?

Dudarik ez da, egiten den jarduera edozein arlotakoa delarik ere, gauzak zuzen, arduraz, zentzuz, profesionaltasunez, zintzo, gizarteari ekarpena egiteko asmoz eta unean uneko beharretara egokitzeko gaitasunez egitea dela ezinbesteko baldintza, izan eta aurrera egiteko; hori gabe, jai dago. Gauzak ondo egitea ezinbestekoa izan arren, ordea, nahikoa al da? Bistan da ezetz. Ongi egiten dena ongi komunikatzea giltzarri da bai biziraupenerako, bai eta arrakastarako ere. Eta horretarako, ezinbestekoa da estrategia komunikatibo sendo, koherente eta argia izatea.

Erronkak eta jarrerak

Hezkuntza arloko erakundeak ez daude, gure ustetan, ezaugarri eta behar horietatik kanpo. Hezkuntza jarduera, mende luzetako ibilbidea duen arloa da; zenbatezinak dira historian zehar zeregin honetan aritu diren eta ari diren erakundeak, eta zenbatezinak dira, halaber, arrazoi ugari tarteko direla, bidean geratu direnak.

XXI. mendeko hezkuntzak erronka ugari eta konplexuak ditu aurrez aurre, baita Euskal Herrian ere. Erronka horien aurrean jarrera desberdinak har daitezke: etsipenak jo, eta ateak ixtea; besoak gurutzatu, eta bolada hobeak noiz etorriko zain egotea; edota estrategia sendoak finkatu, eta horiek aurrera eramateko baliabideak martxan jartzea.

Etorkizuna jokoan

Kristau Eskola erakundeak, euskal familiek egin duten bigarren heziketa-aukera zabalenak, hirugarren aukera horren aldeko apustu irmoa egin du. Horrela, orain arteko ekimenekin batera, etorkizuneko erronka zail horiei aurre egiteko hainbat gogoeta eta lan-talde jarri ditu abian, tartean estrategikoa iritzi dion bat: komunikazioarena.

Sekulakoa da Kristau Eskolaren sarea osatzen duten ikastetxeen aldetik egin den eta egiten ari den lana eta ahalegina, eta berebizikoa da heziketa lan horrek euskal gizartean duen inpaktua. Zifra hutsei dagokienez, 90.000 ikasle, 8.000 hezitzaile, 131 ikastetxe eta 80 instituziok hezurmamitzen dute inpaktu hori.

Hala ere, ezin dugu autoklonpazentzian erori. Euskal gizartea asko ari da aldatzen, eta ez dira txikiak KE sareak bere izatea, mezua, helburuak eta bikaintasuna gizarte horri behar bezala helarazteko dituen zailtasunak zein erronkak.

“Gure baloreak, gure balioa” dio KE erakundearen leloak. Oinarrizko gure baloreei eutsiz, berritu ditzagun gure izana zein mezua garai berrietara egokitzeko, eta komunika ditzagun modu eraginkor eta erakargarrian. Izan eta esan. Etorkizuna daukagu jokoan.

IMANOL ARTOLA – Irakaslea eta komunikazioan aditua